LOIOLA ETXEA, Jesusen Lagundiaren etxebizitza Donostian

14.06.2010 16:58

Loiola Etxean ibilbidea egin duten eta egiten ari dira zortzi gizonezko eta bi emakumezko. Rolando, Rosivan, Abdel, Ayoub, Mustafa–bi dira izen berekoak–, Ibrahima, Carla, Neik, Medhi eta Gabor. Martak bildu ditu HEMEN aldizkarirako, Loiola Etxeko langileak.

Hitzaurrea egin dute, galderak erantzun aurretik.

 

“Inmigrazioa ez da fenomeno bat, bizitza-aldaketa bat baizik”.

 

Ez da erraza ezagutzen eta maite duguna atzean utzi eta ezezaguna dugun eremuan sartzea. Baina arrazoi asko dira gure sustraiak dauden lekutik ihes eginarazi digutenak. Bakoitzak bere motiboak ditu eta izan liteke arrazoi bat edo beste partekatzea. Baina hau ez da fenomeno kontua. Aitzitik, bizitzeko bidea topatzea da hemen gakoa, eta ibilbidea balantza batean jartzean, zorionaren aldera apur bat okertzea balantza.

 

Alde askotako etorkinak bizi gara Loiola Etxean elkarrekin. Senegal, Bolivia, Brasil, Maroko, Algeria, Afganistan, Sahara, Hungaria, Galizia, Gaztelakoak, baita hemengoak ere, bizkaitarrak eta gipuzkoarrak. Egokiera dugu gaur eta hemen bizi eta senti dugunari hitza jartzeko. Gehienok bakardade gorrian iritsi ginen, inguru berriaz ezertxo ere jakin gabe. Gutako bi bakarrik etorri ziren familiarekin. Nolanahi, ezagutzen ez duzunari aurre egitea oso gogorra da beti.  

 

Etorkin izatea aukeran bazenu, zer egingo zenuke?

 

-          Etorkin izanik eta nire jatorriari uko egin gabe, hemengo egiten saiatuko nintzateke.

-          Guztiok gara pertsonak, alde horretatik berdinak gara.

-          Etorkin ez izatea aukeratuko nuke, eskura banu aukeratzea. Oso gogorra da baztertua izatea.

-          Nire herritik ez nintzateke aterako. Ateratzekotan, turismoa egiteko bakarrik.

-          Etorkin izateak askeago egin nau.

 

Zer egiten zaizu gogorrena eta zerk laguntzen dizu gehien?

 

Gauza asko dira latzak: agiririk ez edukitzea; hutsaren hurrengoa izatea, zenbaki bat eta ez norbait, eta lan egiteko ateak itxita aurkitzea. Aurpegi txarrez begiratzen digutenean, ezagutu ere egin gabe, min egiten digute. Familiaren maitasuna ez izatea, benetan da makurra. Eta galduta ibiltzea, 6 urte eta gero oraindik ezin kokatu, ezin hemengoa naizela sentitu…

Laguntzen digutenak, alderantzizkoak dira, jakina: lana izateak, aintzat hartuak eta preziatuak garela nabaritzeak, gugan uste ona dutela jabetzeak. Horrek guztiak on egiten digu, lagundu egiten digu. Jakiteak gizon-emakumeak badirela alde ditugunak, maite gaituztenak eta konfiantza ematen digutenak, hori guztia dugu lagungarri.

 

Zer esango zenioke etorkin bati?

 

Eusteko esango genioke, izateko bihotz. Bere giza eskubideen alde borroka egin dezala, etorkin baino lehenago gizaki delako. Eta aholkuen artean, gauzak ziurrago eta argiago eduki ditzala, etorri baino lehen. Esango genioke hemengo jendearengan konfiantza izan dezala bertakoen konfiantza irabazteko. Beste gomendio bat, aukerak baliatzeko eta ez ibiltzeko zorakeriatan. Berriketa gutxi! Lapurtzea, alkohola eta drogak hartzea… utikan. Arazoetan ez sartzeko. Alde ederrean egongo dela zerbait eginez egun osoa kalean baino.

 

Eta hemengo bati, zer esango zenioke etorkinak direla eta?

 

Ulerkorra izan dadila eskatuko genioke. Integratzea, bertakotzea, posible da baina denbora behar da, eta pazientzia. Ona litzateke gure bizipenak kontatu ahal izatea eta bertakoekin konpartitzea, azken finean guztiok gauza bera bilatzen dugula ikusteko, duin eta zoriontsu bizi ahal izatea. Elkarrekin. Berdin dio nondik etorri garen, zein erlijiotakoak garen eta zein hizkuntzatan mintzo garen, izan ere, benetan nahi baldin badugu, elkarrekin bizitzeko gai gara.

—————

Volver